2026. URTEKO EDIZIOA: UTOPÍA
“Hace tanto que te espero / Que he perdido la conciencia social /
Y ya no encuentro agarradero / Abandonado en esta ausencia global”.
Extremoduro: “El camino de las utopías”, 2013.
Gaur egungo mundu bidegabe eta insolidario honetan, zeinean gatazka armatua eta genozidioa eguneroko albisteetan agerian dagoen, pentsamendu neofaxistaren goraldia eta krisi klimatikoa erabat askatua dagoen, gogoetak eta galderak datozkit burura Nazio Batuen Erakundeak egoera hauen aurrean duen rolaren inguruan.
Zalantzazko aliantzen gainean sortua eta egitura-gabezia larriekin, kalkulu geopolitikoen mesedetan jokaten du bere sorrera-lerroak kontraesanean jarriz sistema desorekatua iraunarazteko. Azken finean, printzipio legitimoetan oinarritutako erakundea bada ere, potentzia handien interesak justifikaten dituen erakunde burokratioa bezala jokatzen du, milioika gizaki abandonatuta utziz.
2015. urtean, NBEk 2030 Agenda onartu zuen. Bertan, Garapen Iraunkorreko 17 Helburu zehazten dira, pobreziarekin amaitzeko, planeta babesteko eta herri guztien arteko bakea eta oparotasuna bermatzeko asmoarekin. Hamarkada bat geroago, promesa faltsuak baino ez ditugu ikusten, betetzen ez diren ebazpenak eta ziurtasun bakarra: finantza eliteak direla planetaren gizarte-antolaketaren inposatzaileak eta hauen azken lehentasuna dela pertsonen ongizatea.
XX. mendean zehar, politika zeharkako gizarte-gertaera bat zen eta pertsonen eguneroko bizitzarekin lotua zegoen. Baina neoliberalismoarekin, fikziozko erdiko klase sozialaren bidez politikarekiko erlazio-aldaketa bat egon zen. Prozesu honekin lortu zen langile-klasearen kontzientzia lausotzea eta identitate indibidualizatua zabaltzea. Ondorioz, ekintza politiko kolektiboaren pixkanakako bazterketa sustatu zen.
Nazio Batuen Erakundeak eskatzen duen mundua eraikitzeko herritar guztien elkartasuna eta lankidetza behar da, egozentrismotik aldenduz. Egoera horretatik abiatuta bakarrik lortu daiteke harmonian oinarritutako komunitatea, bidezkoagoa, ekitatiboagoa eta arduratsuagoa.
Eduardo Galianori oker egozten zaio utopiak oinez egiteko balio duelaren ideia. Gutxi inporta du hemen aipuaren zehaztasunak, aski dugu haren egia poetikoarekin. Beraz, ez dago aspiratu dezakegun sistema politiko perfekturik, hala ere, bide hori egiteko aukera baino ez dugu. Horrela adierazten zuen Angela Davisek hitz gakoa “saiatzea” zela esaten zuenean. Behin eta berriz saiatzea garaipena da berez, kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, oraindik daudelako iraultza posibleak.
Maria Zambranok adierazten duenez, “gertaeren historiari itxaropenaren historiak jarraitu beharko dio”. Eta hala da, itxaropena utopian bizi den mugimendu bat bera da, eta aukera hori kolektibotik imaginatzea da gure azken bide bakarra.
Utopiazko horizonteari uko egiten dion edozein kultura esanahirik gabe geratzen da. Mundu hobe bat eraikitzeko ametsak imajinatzea posiblea ez bada, zer zentzu dauka orduan mendeetako pentsamendu eta sorkuntzaren ondare metatuak?
Hausnarketa honek ziurtasun batera eramaten gaitu: gure kultura eraldatuko duen etorkizuna konkistatzeko, utopiak barne hartuko dituen pentsamolde-aldaketa sakonak behar ditugu. Eredu alternatiboak eraikitzeko irudimena eta sormena jarri beharko dira gizarte-eraldaketaren zerbitzura.
Kultura izango balitz lurzorua eta giza zientzia zoru hori lantzeko lanabesa, arteari dagokio entzute- zein elkarrizketa-espazioak pizteko ahalmena; gune horietatik erresistentzia-tokiak eraiki eta aktibismoa sustatu bait daiteke. Jatorriz, sorkuntza artistikoa komunitarioa zen, erritu partekatua, memoria eta identitate komun bat eraikitzeaz gain, ezarritako boterearen aurrean tresna politiko gisa ere jokatzen zuena.
NAK Jaialditik, utopien bidaia zeharkatzea proposatzen dugu arteak duen indarraz baliatuz. Militantzia espazioak eraikiko ditugu irudimen kritikotik, hausnarketa politikotik eta kontzientzia sozialetik jaiotzen diren proposamenak inspiratzen dituzten artisten laguntzarekin, posiblea eta premiazkoa dena uztartzeko asmoz.
Azken finean, gaur egungo gizartean premiazkoak diren arazoak uztartzen dituen programazio aktibista, gizartearen kide guztien ardura delako egoera larri hauen eraldaketa: krisi klimatikoa, gizarte-larrialdia, memoria eta identitatea, patriarkatua… Eta Palestina. Ez diezaiogun utzi Palestinako herriaren genozidioaz hitz egiteari, gure borroka osatugabea jarraituko du, haien borroka gurea ere badela ulertu arte.
Yolanda Campos Bergua
NAK Jaialdiaren zuzendari artistikoa
“Tal vez, si pudiera hablarte / De si fuera cierto / Que el poder del arte /
Bien nos pudiera salvar / De una vida inerte / De una vida triste / De una mala muerte”.
Roberto Iniesta: “El poder del arte”, 2023.
KARTELAREN AZALPENA
Edizio honetako irudi grafikoak, Sandra Vallejo lankidearen sentsibilitatetik sortutakoak, palestinako suimanga txorian oinarritzen da. Gazako zeru zaurituak zeharkatzen dituen hegazti txiki honek, desagertzeari uko egiten dion lurralde baten memoria bizia gordetzen du bere hegaletan. Bere kantuak ez du gozamenik ez apaingarririk bilatzen; galeraren testigantza emateko jaiotzen den bihotz-taupada laburra eta sakona da. Eta, hala ere, maite duen lurraren gainean etengabeko hegaldian dabilenean, erresistentziaren eta itxaropenaren ikur bihurtzen da.
Txoriaren irudi honek bigarren irakurketa bat du, Extremoduroren “El camino de las utopías” kantuaren bertsoekin zuzenean lotzen dena. Jatorrian “El Pájaro Azul” deitutako abesti hau utopiaren taupada bera bilakatzen da: Askatasunerako bidean etengabe mugitzen den betiereko bilaketa.
NAK 2026 MATERIALA
DESKARGATU
KONPOSITORE EGOILIARRA
BELENISH MORENO-GIL
Belenish Moreno-Gil (1993) poskonpositorea, antzerkigilea eta (etno)musikologoa da. 2018. urtetik antzerki musikal garaikidea eta dramaturgia musikala ardatz dituen praktika artistikoa garatzen du; konposizioa espazio zabal gisa ulertzen du, non gorputza, ahotsa, eszena, elektronika eta pentsamendu kritikoa integratzen diren.
Bere obrak nazioarteko testuinguru desberdinetan aurkeztu dira, hala nola Wien Modern, Rainy Days Luxembourg, Kunstfest Weimar, Zentrum für Kunst und Medien (Karlsruhe), Münchener Biennale, Gare du Nord (Basilea) eta Kontakte Festival (Berlin) jaialdietan. 2021ean, Subnormal Europe lanak Ohorezko Aipamena jaso zuen Prix Ars Electronica sarian, arte digitalaren eta soinu-artearen arloan nazioarteko onarpen garrantzitsuenetako bat dena. Musikologian graduatua da Granadako Unibertsitatean, eta bertan ere Musika Ondareari buruzko Masterra egin zuen. Aldi berean, kantu-ikasketak egin zituen Victoria Eugenia Errege Kontserbatorioan eta Universität für Musik und Darstellende Kunst Wien-en. Bere prestakuntzak ikerketa musikologikoa, ahots-praktika eta sorkuntza eszenikoa uztartzen ditu.
Moreno-Gil Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Música popular urbana y feminismos en España izeneko ikerketa-taldeko kide da. Gaur egun, Doctor Artium Programako hautagaia da Universität für Musik und Darstellende Kunst Wien unibertsitatean; bertan, La mesa camilla como anarchivo ikerketa-proiektu artistikoa garatzen ari da. 2023/2024 ikasturtean zehar, Erroman dagoen Espainiako Akademiaren konpositore egoiliarra izan zen.
SOINU-ARTISTA EGOILIARRA
SERGIO SÁNCHEZ
Sergio Sánchez (1975, Murtzia) soinu-artista eta musikari esperimentala da. Prestakuntza klasikoa oinarritzat, 2000. urtean hasi zen konpositore lanetan, bere lan estetikoa musika konkretuan (musique concrète) eta fonografian oinarrituz. Gizarte-inguruneetako soinuak ikertzen ditu, lehen mailako dokumentu-iturri gisa, horiek babesteko eta azterketa historikoa egiteko. Soinu- eta ikus-entzunezko ondarean diplomatua (ILCE eta Mexikoko Fonoteka), Intonarumori Elkartearen presidentea da, eta República Ibérica Ruidista izeneko zigilu-plataforma diskografikoa zein Sonar Históricamente proiektua kudeatzen ditu.
70 lan baino gehiago argitaratu ditu Amerika eta Europako 20 zigilu baino gehiagotan, eta bere musika RNEko saioetan entzun da. Horien artean, Ars Sonora, La casa del sonido, Vía Límite, Fluido Rosa, Resonancias, Radio Museo Reina Sofía aipa daitezke. Herbeheretako, Belgikako, Peruko, Poloniako, Venezuelako, Frantziako, Txileko, Kolonbiako eta Argentinako irrati espezializatuetan ere entzun da bere musika. Hainbat tokitan aritu da interpretazio lanetan, hala nola Casa Encendidan, Reina Sofía Museoan, Buenos Aireseko Arte Museoan, dB Radical-ean, Medialab Pradon, T20 Galerian, Mataderon… Lorquí-ko (Murtzia) soinu-mapa grabatu du eta kudeaketa artistikoarekin erlazionatutako komisario-lanak egiten ditu FASME Jaialdian.
ZUZENDARI GONBIDATUA
JAVIER ECHARRI LÓPEZ
Erriberrikoa (Nafarroa) izatez, musikari eta orkestra-zuzendari honek errepertorio sinfonikoa, korala eta lirikoa jorratzen ditu premisa argi batenpean: etengabeko bilakaera eta interprete zein musika-sortzaileen arteko elkarlana. Bere ibilbide profesionalak erakusten du nola menderatzen dituen hizkuntza, formatu zein estetika ezberdinak. Ezin hobeto uztartzen ditu, beraz, tradizioa, sorkuntza garaikidea eta praktika eszenikoa.
Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen Saxofoi eta Zuzendaritza ikasketak. Azken diziplina honetan Borja Quintas, Miquel Rodrigo eta Elena Ruizekin trebatu zen eta ondoren, bere teknika hobetzeko asmoarekin Vladimir Ponkin, Jean Pieter Jansen, Josep Vila i Casañas eta Simon Carrington bezalako maisu handiekin ikasi zuen, besteak beste. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren musika-zuzendari gisa, nabarmentzekoa da Nafarroako ondare ez-materialarekin duen konpromisoa; ondare hori ekoizpen sinfonikoen bidez sustatzen du, tokiko konpositoreak, zarzuela eta dantza tradizionala berreskuratu eta balioan jartzeko asmoz.
Eremu liriko eta koralean, AGAO (Asociación Gayarre Amigos de la Ópera) abesbatzaren zuzendaria da, eta besteak beste, La Traviata, Tosca, Doña Francisquita edo Don Manolito bezalako proiektuetan parte hartu du. Horrez gain, Íñigo Casalí konpositore nafarraren “El traje nuevo del emperador” opera zuzendu du Bilboko Arriaga Antzokian. Halaber, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa zuzendu du, eta hainbat abesbatza zein musika-banda ere.
Horrekin batera, musika garaikidearen esparruan, Félix Ibarrondo, Pablo de Diego, Natalia Iglesias eta Aníbal Caño konpositoreen obrak estreinatu ditu, baita Arkaitz Galán, Eduardo Marín, Inar Lezaun, Izaro Txapartegi eta Jorge Carabias konpositore gazteen lanak ere. Horiez gain, David Azurza, Josu Elberdin eta Jesús María Echeverría bezalako egile handien abesbatza-lanak zuzendu ditu. Bere zuzendaritza lana definitzen duten hitz gakoak: arduratsua, errespetuzkoa, zehatza eta malgua.
PENTSALARI GONBIDATUA
BINGEN AMADOZ
Bingen Amadoz Ongay kazetari eta idazleak berrogeita bost urteko ibilbide profesionala garatu du irratigintzan, Radio Popular eta Euskadi Irratia (EiTB) bezalako hedabideetan.
Idazle gisa, liburu hauek argitaratu ditu: “Montes que daban pan” (Altafaylla argitaletxea, 2012), “Palestina piedra y olivos, Palestina harria eta olibondoak” (Sodepaz GKE, 2013), “Matones” (Pamiela arg., 2020) eta “Mendiak Ogibide” (Dakit, 2025).
Ekarpen ugari egin du herri-kulturako eta memoria historikoaren inguruko lan kolektiboetan. Gaur egun, artikulugile gisa aritzen da hainbat egunkari eta aldizkaritan (Diario de Noticias, Egunkaria, Haria…) eta irrati-kolaboratzaile gisa (Euskal Herria Irratia).
KONTZERTU DIDAKTIKOEN KONPOSITOREA
DAVID JOHNSTONE
Jaiotzen britainiarra baina espainar nazionalizatua, David Johnstone bere generazioko sokazko interprete sortzaile eta interesgarrienen artean sailkatzen da. Moldakortasun handia erakusten du biolontxelista bezala lan eginez oso desberdinak eta ugariak diren jarduera musikaletan.
30 obra baino gehiago estrenatu ditu bakarlari gisa eta ensenble desberdinekin.
Royal Philharmonic Orchestra, English String Orchestra, London Concert Orchestra
bezalako orkestrekin lan egin izan du. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren biolontxelo
bakarlaria da eta Garaikideak Ensenble taldearen kidea (gaur egungo
sorkuntzarekin konprometitua); bertan, interprete eta konpositore lanak garatzen
ditu.
KONTZERTU DIDAKTIKOEN KONPOSITOREA
LUIS GILA
Luis Gila Userosek (Vegas de Matute, Segovia, 1960) oinarrizko solfeo eta bibolin ikasketak Madrilgo Kontserbatorioan burutu zituen hirurogeita hamargarren hamarkadaren bukaeran. Ogibidez medikua, 2010. urtean musika jardunari berriz ekin zion Jokin Idoaterekin kitarra kurtsoak eginez, Iñaki Ramosekin, Gorka Pastorrekin eta Yolanda Campos Berguarekin konposizioa landuz, eta, egun, Isabel Valenciaren piano ikaslea da Barañaingo Musika Eskolan.
Salud Abeslariak koruko partaide da sortu zenetik, 2016ean, zeinarentzako hainbat obra idatzi dituen. Bandarako ere zenbait pieza idatzi ditu, melodia herrikoiak eta doinu erligioso zein kiroletakoak. “Canciones de Siempre” Barañaingo taldeak, zeinaren parte den, bere kanta asko ditu errepertorioan.
SUSTATZEN DU
ANTOLATZAILEAK
NAFARROAKO GOBERNUAK ETA KULTURA MINISTERIOAK DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUERA
KOLABORATZAILEAK
BIDALI ZURE KONTSULTAK
