NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA

Irailak 2

19:00

NAFARROAKO GOI MAILAKO KONTSERBATORIOA
Doako sarrera aretoaren edukiera bete arte.

DIDAKTIKOA KONTZERTUAK

NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA

“Sorkuntza”

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Konposizio Departamentuarekin koordinatutako ekintza. Nafarroako Musicaren  Hiriaren lankidetzarekin.
Programa osoa erabateko estreinaldiekin.

NAK Jaialdiak antolatutako kontzertu hau berezia da guretzat, sustatu nahi dugun pentsamenduaren oinarrizko zutabeetako bat bultzatzeko aukera ematen digulako: sortzaile eta interprete berrien belaunaldiari babesa ematea, hain zuzen ere. Berrogeita hamar musikari baino gehiagok parte hartuko dute kontzertuan eta konpositore gazteek beren sorkuntza lanak ingurune profesional batean erakusteko aukera izango dute.

Kontuan izanda Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin egindako azken lankidetza 2017. urtean izan zela, aurtengo edizioan berreskuratuko dugu lankidetza hori. Horretarako, Javier Echarri zuzendariaren laguntzarekin kontatzen dugu eta berari esker, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko konposizio ikasleen erabateko lau estreinaldi aurkeztuko dira. Horrela, Jaialdiak apustu sendoa egiten du sorkuntza berriaren musikaren etorkizunari, talentu berriek sortutako musika lanei lekua eta espazioa eskeiniz.

PROGRAMA

  • Jorge Carabias · Perenne Centrum (2026)* 
  • Mikel Abete · Suite para orquesta (2026)*  
  • Arkaitz Galán · Perpetual Desintegration (2026)* 
  •  Inar Lezaun · Hortz-Adar (2026)* 

*NAK Jaialdirako erabateko estreinaldia.

Interpreteak: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Javier Echarri
Irakaslea: Joseba Torre

JARDUERA
Ordua:
19:00etan.
Lekua: Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioa.

Sarrera:
doako sarrera aretoaren edukiera bete arte.

 

NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA

1879. urtean Pablo Sarasate biolinista eta konpositoreak sortua, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa/ Orquesta Sinfónica de Navarra (NOS/OSN) Espainiako panorama sinfonikoan talderik zaharrena da jardunean. 2016an Baluarte Fundazioan sartu zen eta Nafarroako Foru Komunitateko orkestra ofiziala bihurtu zen. 2022ko irailetik Perry So da bere zuzendari titular eta artistikoa.

Azken aldian, NOS/OSN Espainiako zein atzerriko auditorio, denboraldi eta jaialdi nagusietan aritu da. Nabarmentzekoak dira jaialdi hauetan izandako parte-hartzea: Donostiako Musika Hamabostaldia, Cuencako Musika Erlijiosoaren Astea, OLBE Bilbao Opera eta OLBE Txiki denboraldiak, Musika-Música, Soriako Udazken Musikala eta Lizarrako Antzinako Musikaren Astea.

Donostiako Nazioarteko Zinemaldian ere parte hartu du, eta eszenatoki garrantzitsuetan eskaini ditu kontzertuak, hala nola Kursalean (Donostia), Auditorio Nazionalean (Madril) edo Riojaforum Auditorioan (Logroño). Nazioartean, nabarmentzekoak dira Parisko Théâtre du Châtelet (2008-2009 Denboraldia) eta Malta Summer Festival(2022) jaialdietan egindako emanaldiak.

Gizartearekin eta hezkuntzarekin konprometituta, orkestrak lan pedagogiko eta sozial handia egiten du Nafarroa osoan, Baluarte Fundazioaren Hezkuntza eta Gizarte Programaren bitartez: familientzako proposamenak, gazteentzako jarduerak, ikastetxeetarako eskaintzak, pertsona aniztasunaren ongizaterako esperientziak, haurtzaroaren babesa zaintzeko jarduerak eta herritarrei irekitako programak. Horrez gain, Andante zikloa garatzen du, errepertorio sinfonikoa Foru Komunitateko herri desberdinetara hurbilduz.

Bere ibilbide luzean zehar, NOS/OSNk lan diskografiko sendoa bultzatu du, bere sortzailearen ondarearekiko konpromisoa eta interpretazio-aniztasuna islatzen duena. Prestigio handiko zigiluetan argitaratu ditu albumak, hala nola Deutsche Grammophon, Signum Classics, Sony Music, Naxos, IBS Classical eta Quartet Records.

JAVIER ECHARRI LÓPEZ

Erriberrikoa (Nafarroa) izatez, musikari eta orkestra-zuzendari honek errepertorio sinfonikoa, korala eta lirikoa jorratzen ditu premisa argi batenpean: etengabeko bilakaera eta interprete zein musika-sortzaileen arteko elkarlana. Bere ibilbide profesionalak erakusten du nola menderatzen dituen hizkuntza, formatu zein estetika ezberdinak. Ezin hobeto uztartzen ditu, beraz, tradizioa, sorkuntza garaikidea eta praktika eszenikoa.

Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen Saxofoi eta Zuzendaritza ikasketak. Azken diziplina honetan Borja Quintas, Miquel Rodrigo eta Elena Ruizekin trebatu zen eta ondoren, bere teknika hobetzeko asmoarekin Vladimir Ponkin, Jean Pieter Jansen, Josep Vila i Casañas eta Simon Carrington bezalako maisu handiekin ikasi zuen, besteak beste. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren musika-zuzendari gisa, nabarmentzekoa da Nafarroako ondare ez-materialarekin duen konpromisoa; ondare hori ekoizpen sinfonikoen bidez sustatzen du, tokiko konpositoreak, zarzuela eta dantza tradizionala berreskuratu eta balioan jartzeko asmoz.

Eremu liriko eta koralean, AGAO (Asociación Gayarre Amigos de la Ópera) abesbatzaren zuzendaria da, eta besteak beste, La Traviata, Tosca, Doña Francisquita edo Don Manolito bezalako proiektuetan parte hartu du. Horrez gain, Íñigo Casalí konpositore nafarraren “El traje nuevo del emperador” opera zuzendu du Bilboko Arriaga Antzokian. Halaber, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa zuzendu du, eta hainbat abesbatza zein musika-banda ere.

Horrekin batera, musika garaikidearen esparruan, Félix Ibarrondo, Pablo de Diego, Natalia Iglesias eta Aníbal Caño konpositoreen obrak estreinatu ditu, baita Arkaitz Galán, Eduardo Marín, Inar Lezaun, Izaro Txapartegi eta Jorge Carabias konpositore gazteen lanak ere. Horiez gain, David Azurza, Josu Elberdin eta Jesús María Echeverría bezalako egile handien abesbatza-lanak zuzendu ditu. Bere zuzendaritza lana definitzen duten hitz gakoak: arduratsua, errespetuzkoa, zehatza eta malgua.

Javier Etxarri